

SARRERAK:
INAUGURAZIOA: "PAUSE" KONTZERTUA
XABIER ZEBERIO + BERNAOLA ORKESTRA
Edizioz edizio, GazteFilm Fest-en inaugurazioa magiaz beteriko unea izaten da, eta zinemarekin elkarrizketan diharduten hainbat lengoaia artistiko biltzen dira horretan. Edizio hau ez da salbuespena izango.
Ilusioz betetzen gaitu GazteFilm Fest-eko ikusleei PAUSE lana helarazteak, Jesús Guridi Musika Kontserbatorioko Bernaola Orkestraren partaidetzarekin. Oraingo honetan, gainera, Xabier Zeberio eta Iñar Sastre bezalako musikari bikainen presentzia ere izango dugu.
Pause lan biribila da, gure inperfekzio emozionalak laztantzen eta arintzen dituena. Zer da musika, aditza da ala osagarri hutsa? Oso gutxitan urruntzen da atmosfera atrezzotik eta okupatzen du erdigunea: behe-hodeiz ehundutako gogo-aldarte horiek bildu eta liluratu egiten gaituzte, haien eragin-eremuan harrapatzen gaituzte. Horixe da Xabier Zeberioren lan honen kasua; esnaldi lanbrotsua, tristurarik gabeko malenkonia, aireportu itzali batean etendako denbora. Musika horrek egun berri bati aurre egiteko behar den etenaldia eskaintzen du, edo gainbeheran den arratsaldeaz hausnartzea. Astinaldi hutsa, amarrurik gabe. Harkaitz Cano
Elementu bisualetan Itziar Garaluce izango du lagun, hots, lehen ediziotik jaialdira bere diseinuak ekarri dituen artista bisual gasteiztarra. Artistak hainbat talderekin batera parte hartu izan du inaugurazioetan lehen ere.







